2007/06/04

Anduren hitzak hezkuntzari buruz

Aralar ikastetxeko Andu Martinez de Rituertoren honako testu honek ederki laburbiltzen ditu gaur egungo BHko ikastetxe baten erronkak. Ikastetxearen nahiak zein izan beharko luketen eta nola ulertu behar diren aipatzen ditu; halaber, nola lortu daitezkeen helburuak eta nola jokatu eskuratzen ez direnean ere zehazten dira. Horregatik Tolosarea blogean argitaratzeko permisua eskatu diogu. Anduk, noizik eta behin, Hitzan argitaratzen ditu zenbait artikulu: bat, bi eta hiru, esaterako.

AZKEN URTEOTAKO NAHIAK

Ikasleen gehiengoak oinarrizko konpetentziak (orain arte helburuak) garatzea eta horretarako aniztasunari trataera egokia ematea.

HONEK EZ DU ESAN NAHI:

  • Ikasleak ezer egin gabe aprobatuko dutenik edo aprobatu behar ditugunik.
  • “Maila jaitsi” behar dugunik.
  • Ikasleak lanik eta esfortzurik egin behar ez dutenik.

HONEK ESAN NAHI DU:

Ikasle gehienengana iristeko ahalegina egitea. Horretarako:

  • Ikasleen mailatik abiatu behar dugula halabeharrez.
  • Derrigorrezko Hezkuntza bukatzerakoan ikasleek zein oinarri-oinarrizko konpetentziak garatuak izan behar dituzten adostu behar ditugula.
  • Gelan erabiltzen dugun metodologiaren gaineko hausnarketa egin behar dugula (ikasleak gelan jardun aktiboan egoten laguntzen duten metodologiak erabili beharko genituzkeela pentsatzen dugu)
  • Ikaskuntza-irakaskuntza prozesuaren gaineko kontrola eraman behar dugula, eta bide onean ez badoa neurriak hartu behar ditugula. Hau da: ikasleak iristen dira nik eraman nahi ditudan tokira? Iristen ez badira: zergatik ez dira iristen? Zer egin dezaket iritsi daitezen? Zer dago nire esku prozesua birbideratzeko?

ETA HAU NOLA EGIN DEZAKEGU?

DENON ARTEAN eta DAGOEN LEGEDIA aintzat hartuz, Derrigorrezko Hezkuntza bukatzerakoan zein den ikasle batek jakin behar duena, egiten jakin behar duena, izan behar dituen ohitura eta jarrerak... adostea (DBH bukatzerakoan ikasle batek garatuak izan behar dituen oinarrizko konpetentziak definitzea hain zuzen) Funtsezko atal honi heltzerakoan gizakion honako arloak hartu beharko genituzke kontuan: arlo pertsonala eta familiarra, arlo soziala eta lan arloa. Gure ustez arlo akademikoari huts-hutsean lotzen zaizkion gaiak oinarrizko konpetentzietatik at geratu beharko lirateke.

Curriculo berriaren Dekretuak, gai honi halabeharrez heltzera behartzen gaitu: Hezkuntza Proiektua berritu eta Proeiktu Curricularra egin behar baitugu.

Oinarrizko konpetentzi horiek lortzeko zein bideak jorratuko ditugun ere berraztertu beharko dugu. Ikaslea ikaskuntza-irakaskuntza prozesuaren protagonista nagusia izan behar du, benetako sujeto aktiboa. Norberak egiten duenean ikasten dugu.

Gauzak bide onetik ez doazenerako protokolo batzuk garatu beharko genituzke:

  • Guretzat ikasleak gelan lanean aritzea ezinbestekoa da prozesua bide onean joan ahal izateko; ikasleren batek lanik egiten ez duen lehen unetik, guk ere zer gertatu daitekeen aztertzen hasi beharko ginateke. Nire ikasgaian bakarrik ez du lanik egiten? Zein izan daiteke lanik ez egiteko arrazoia? (puntu honetan azpimarratu behar da guk sintoma bat ikusten dugula, ikasleak lanik egiten ez duela, edo portaera txarra duela, edo klasera ez datorela;baino zer dago jokabide horren atzean, zein da portaera hori izateko arrazoia? Zergatia zein den jakiterik izango bagenu, neurriak hartu ahal izango genituzke) Zer egin dezaket/dezakegu ikasle hori berriz ere lanean has dadin? Eta hau guztia bideratzeko prozesuan irakasle taldeak pisu handia izango badu ere, familia ere inplikatu beharko dugu, ikaslearekin ere akordioetara iritsi beharko dugu, kasu batzuetan agian beste erakunde batzuen kanpoko laguntza beharko dugu (Udala, Diputazioa) Kontua da, arazoak sumatu bezain laster neurriak hartzen saiatu behar dugula eta ahal dela era koordinatuan eta denok bide berean lana eginez.
  • Antzeko protokoloa egin beharko genuke etxerako lanekin. Gure ustez etxerako lanen gaineko hausnarketa sakona egin behar dugu: nolako etxerako lanak bidaltzen ditugu? Bakarrik egin ditzakete? Zenbat denbora eskaini behar dio ikasle batek etxean egin beharreko lanari? Zeintzuk egiten dituzte? Zein etekin ateratzen diete? Irakasleon artean askotan entzuten da, “etxerako lanak ekarri ditu baino gaizki eginak”; ez al dira ba horretarako? Gaizki egiten badituzte bidalitakoa bakarrik egiteko gai ez direlako seinale izango da, ezta?...
  • Kontuan hartzeko beste egoera bat: ahalegina eginda ere gure espektatibak betetzen ez dituzten ikasleak; lana egiten dute eta ez dira “iristen”. Horiekin zer egin?

Eta egingo ditugun esfortzu guztiak eginda ere, jakitun gara zenbait ikasleekin ez dugula arrakastarik izango (%15+-) baino kopuru hori ahalik eta txikiena izan dadin ahalegindu beharko genukeen.

1 comentario:

Anónimo dijo...

ZORIONAK Andu!!

Ez da zuzena izaten, ezagutzen ez duzun baten izena erabiltzea, abizena beharko nuke idatzi zoriontzean, baina horren egin zait familiarra diskurtsoa, horren egin zait erreala, horren egin zait hausnarketarako bide, nire etxeko sukaldean edo gertu gertukoekin aritzen naizenean esandako hitzak errepikatu dituenez, bertan balego bezala, txalotu eta zoriondu nahi dut, bide batez, blog honetako sortzaileari ere muxu pare bat, horren erraz eskuragarri horrenbeste informazio emateagatik...